EKONOMIAZ

      Orrialde hau osatzeko EUSKAL SARE GORRIAk duen arazoa ez da informaziorik falta zaigula (falta zaigu, bai, Iparralde, esaterako); aitzitik, alderantzizko arazoa daukagu: informazio gehiegi dugu, eta ez dugu oraindik hautaketa egokirik egin web orri honetarako.

      Gauzak horrela, oraingoz lau ezaugarri aipatzera mugatuko gara, horiek ezagutzea funtsezko baiteritzogu:

      1. EUSKAL HERRIA EKONOMI MUNDU KAPITALISTAREN ERDIGUNEAREN ZATI DA, HOR DAGO, BERTAKO PARTAIDE DA.

      Nahiz eta Erdigunearen periferian izan. Adibidez: Euskal Autonomi Erkidegoan Barne Produktu Gordina (BPG) biztanleko eros-ahalmen terminoetan Europar Batasunaren batez bestekoaren %85,6 izan da 1996. urtean; Nafarroan, gainera, egoera hobea izan dute, ehuneko laurogeita hamarra baino gehiago izan baita. (Kontuan izan behar da Espainiako batez bestekoa Europako batez bestekoaren %76,2 zela).

      1996. urtean, EAEn 1.590.792 pezetakoa izan zen famili errenta pertsonako.

      Euskal Autonomi Erkidegoak 1997ko lehen hiruhilekoan Estatu espainiarreko 17 Autonomi Erkidegoetatik LEHEN postua lortu zuen hileroko batez besteko irabazi gordinari dagokionez (241.300 pezeta); Nafarroako Foru Komunitateak, bestalde, LAUGARREN postua lortu zuen 218.300 pezetarekin, beti ere, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak egindako Soldaten Inkestaren datuen arabera. Aipatu inkestak Estatu espainiarraren batez bestekoa 201.800 pezetakoa zela zioen.

      2. GAUR EGUN, EUSKAL HERRIA GAINBEHERA DOAN ETA MULTINAZIONALEN DEPENDENTZIA HANDIA DUEN INDUSTRI LURRALDEA DA

      Espainiako Eskualde Kontabilitatea-INEk 1994.urtean Nafarroa (184,9rekin) eta Euskal Autonomi Erkidegoa (183,0rekin) Estatu espainiarreko 17 Autonomi Erkidegoetatik sailakpenaren lehen bi postuetan zeudela erakusten zuen, biztanleko industri balio erantsiaren indizea zela-eta (100eko indizea: Estatu espainiarraren guztia).

      Bietan (EAE eta Nafarroa), industriak BPGra egiten duen ekarpenak argi eta garbi gainditzen du Estatu espainiarraren batez bestekoa. Web orri honetan adierazten den bezalaxe, Hego Euskal Herria industri hiria da.

      Gainbeheran doan industri hiria, ordea; izan ere, Hego Euskal Herrian, 1975. urtetik 1994ko urtarrilaren 1a bitartean, 163.869 industri lanpostu desegin ziren, %39, hain zuzen (kontuan izan 1975. urtean 422.569 industri lanpostu zeudela), edo, bestela esanda, bostetik bi lanpostu galdu ziren. 1970. urtean, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan lan egiten zuten 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %50ek industri enplegua zuen; 1986. urtean, aldiz, %25ek, bakarrik.

      Gainbehera doa, beraz, euskal industri hiria, eta, gainera, multinazionalen dependentzia oso arriskutsua dauka; horrela, Nafarroako 97 industri enpresek atzerriko kapitala dute; horietatik 57tan, atzerriko kapitala %100ekoa da; beste 31 enpresatan atzerriko kapitalak ere kontrol osoa du, izan ere, %50eko kopurua gainditu egiten du.

      3. HEGO EUSKAL HERRIAK LANGABEZI ETA ENPLEGU-ESKASIA TASA IKARAGARRIAK PAIRATZEN DITU; HORREK KAPITALARI EUSKAL LANGILEAK -BATEZ ERE, GAZTEAK ETA EMAKUMEAK- ESPLOTATZEN ETA BEHARTSUAGO EGITEN LAGUNTZEN DIO.

      Gaizki deituriko espainiar "trantsizio demokratiko" guztia dominazio-eredua aldatzera bideratua egon zen, kapitalak irabazi-tasa berreskura zezan. Hogei urtetan, langileen esplotazio kapitalista areagotzeko lege-aldaketak izan dira, eta, horrela, Estatu espainiarrak zenbait errekor negatibo lortu ditu:

      1. Langabezia sei bider areagotu (1976. urtean 605.000 langabetu zeuden, biztanleria aktiboaren %4,5; 1996. urte amaieran, berriz, langabetuak 3.491.000 ziren, hau da, biztanleria aktiboaren %22). 1996. urte amaieran, hogei urte lehenago zituen baino lau milioi biztanle GEHIAGOREKIN, Estatu espainiarrean garai hartan baino 200.000 pertsona GUTXIAGOk zuen lanpostua.

      2. Milaka enplegu finko suntsitu eta europar batasunaren batez bestekoa baino hiru bider handiagoa den enplegu-eskasia tasa lortu (biztanleria aktiboaren %37k behin-behineko kontratuak ditu, langileen %48k enpresa pribatuetan egiten du lan).

      3. Hiru milioi eta erdi langabetuk eta enplegu ezegonkorra duten beste hainbeste enplegatuk osatutako "kapitala gordetzeko ejerzitoa" konbinatu, legealki (lan bera egiten duten enplegatu finkoei ordaintzen zaienarekin alderatuz gero), aldi baterako langileen soldataren %40 JAISTEKO.

      Hego Euskal Herriaren egoera Estatu espainiarrarena baino OKERRAGOA da. Hona hemen adibide bat: 1994. urteari dagokion txosten batean, Eurostat estatistikako europar agentziak zioenez,

      1. .) Euskal Autonomi Erkidegoko langabezi tasa osoa Europako batez bestekoa baino bi bider handiagoa zen; beharko handia izan, izan ere, Europar Batasuneko Estatuetako berrehun eskualdetatik lauk bakarrik gainditzen zuten kopuru hori.

      2. .) Hogeita bost urtez azpiko euskal gazteen langabezi tasa Europako batez bestekoa baino bi eta erdi handiagoa zen, eta Europako berrehun eskualdeetako batek bakarrik gainditzen zuen tasa hori.

      Halaber, Hego Euskal Herrian, lau langabetutik batek bakarrik kobratu zuen dirulaguntza 1995. urtean; egoera hori, gainera, okertzen ari da, gero eta arazo gehiago baitago dirulaguntza hori kobratu ahal izateko. Hori gutxi balitz, EAEn 1996. urtean sinatu ziren hogeita bost kontratuetatik (%3,5), bat baino gutxiago izan zen behin betiko sinatu zena.

      Azken finean, Hego Euskal Herriak langabezi eta enplegu-eskasia tasa ikaragarriak pairatzen ditu, eta, horrek, kapitalari, euskal langileak -batez ere, gazteak eta emakumeak- esplotatzen eta behartsuago egiten laguntzen dio.

      4. EGITURA ETA KLASE-BORROKA HEGO EUSKAL HERRIAN: BURGESEN %1EK (%8/10EKO LAGUNTZA-BLOKEA DUTE) LANGILE-KLASEA ETA EUSKAL HERRI LANGILEAREN KLASE MENPERATUAK (BIZTANLERIAREN %90, GUTXI GORA-BEHERA) ESPLOTATZEN DITU.

      1994. urtean argitaratutako eta Gure oraina, gure etorkizuna izeneko KASen agirian, zera esaten da: " Estatu espainiarrak okupatutako Euskal Herriaren zatian KLASE BURGESA 31.000 PERTSONAK OSATZEN DUTE ZUZENEAN, HEGOALDEKO BIZTANLEEN %1 BAINO ZERTXOBAIT GEHIAGOK; hala ere, nukleo gogorra, hots, 100 langile baino gehiago esplotatzen dituzten enpresen jabe diren, baliabide erabakigarriak kontrolatzen dituzten, enpresa txikiei baldintzak ezartzen dizkien, eta finantza-maileguetan eta nazioarteko harremanetan lehentasunak dituztenen burgesen "arima", 1000 burgesek baino gutxiagok osatzen dute. Gutxiengo ahalguztidun eskas honek (dituen ustezko "botere demokratikoak" direla-eta, hurbilgaitz eta ukiezin dena), bere seme-alabez gain, Kapitalaren beraren eta Lanaren artean kokatutako soldatapeko talde murritzek osatutako bloke sozialaren laguntza jasotzen du:

      Goi teknikari eta funtzionarioak, militarrak eta poliziak, gerenteak, managerrak, langile-buruak eta beren lankidetza zintzoagatik gainsoldata bereziak kobratzen dituzten basapiztia ipurgarbitzaileak. Ahaleginak egin arren, kapitalista izatera ia inoiz iritsiko ez diren mertzenarioak, ez baitute beharrezkoa duten dirua pilatuko beren fabrikatan langileak erosi eta esplotatu ahal izateko, ezkontza bidez integratzen ez badira, behintzat; eta, hori, ia-ia endogamikoki ugaltzen den burgesiak arreta handiz kontrolatzen du.

      Nahi eta ezin dabiltzan eta, langileenganako duten gorrotoa eta fanatismo kapitalista dela-eta, barrua janda duten frakzio murritz horietan, ezin ditugu funtzionario eta teknikari guztiak sartu, bai, ordea, horietako %40; zuzendarien %100 eta, gutxi gora-behera, administrarien %20 ere, talde horietan sar ditzakegu. Praktikan 100.000 soldatapeko baino gehiago daude, baina politikoki eta ekonomikoki Kapitalaren erreproduzioan sartuta daude. Seme-alabak kontuan izanik -eta, ez, ezkonlagunak-, egungo euskal biztanleen %7 osatzen dute; apaiz, moja, fraide, entxufatu, ustel, lagun eta menpeko, kolore guztietako polizia, kazetari eta funtzionario-intelektualak dira, besteak beste, Kapitalaren eta "Espainia"ren oste fidelen multzoa osatzen dutenak. Halaber, aipatutako oste, frakzio eta burgesak Hegoaldeko biztanleen %9 edo %11 dira, gutxi gora-behera"

      Agiri berean, zera adierazten da: "Euskal langile-klasearen zatirik handiena 650.000 emakumeek osatzen dute, izan ere, emakume horiek -egunean batez beste 9 ordu egiten dute lan, edo, partzialki, lau ordu- lan sozialaren indarraren berrosaketa psikomatikoari musu-truk eusten diote."

      Eta, honako hau ere esaten da: "Langile-klasearen bigarren frakziorik garrantzitsuena 16 eta 19 urte bitarteko gazteek osatzen dute. Hego Euskal Herriko 650.000 gazteetatik (67.000 aurreko puntuan kontatutako emakumeak dira), gutxi gora-behera, %33 (218.000 gazte) ikasleak dira, eta, gehienak, gainera, emakumeak. Ikasleek langile-klasea osatzen dute balio diferitua sortzen dutelako, etorkizuneko esplotaziorako soldatapeko merkantzia gisa erabilpen-balioa bildu eta gordetzen duen etorkizuneko lan sozialaren indarra osatzen dutelako; hain zuzen ere, soldatapeko merkantzia horrek, nagusiak esplotatutakoan, irabazia ekarriko du mekanika kapitalistaren arabera."

      Azkenik, KASen agiriak gehitzen duenez, euskal langile-klasearen hirugarren eta laugarren frakziorik garrantzitsuenak, kopuru aldetik, industri langileak (200.000 langile inguru) eta eraikuntzako langileak (70.000ren bat) dira, hurrenez hurren. Ondoren, langile-klasearen beste frakzio batzuei buruzko analisia egiten du, langile-klasearekin Euskal Herri Langilea osatzen duten bestelako klase eta klase-frakzioekin batera; Euskal Herri Langileari buruz, gainera, zera esaten du: "Biztanleriaren %90 izango dira, baita, agian, gehiago ere, beren familien menpe dauden 16 urtez azpikoak barne".

      Hego Euskal Herriko klase-egitura aztertzen duten xehetasun hauek eta bestelakoak web orri honetako sail eta azpisailetan ageri dira luze eta zabalago.

      LORBIDEk itzulia euskarara

      Euskal Herria, Europako nazio-herri zaharrena nagusien orrira